Blogia
^^ placida ^^

Downshifting, bizitzarako alternatibak

Nola ezagutu nuen downshifting hitza: berdintasun teknikari lanetan, testu batean irakurri nuen gizonek euren pribilegioen gaineko downshiftina egin behar dutela. Hitz horrek zer esan nahi zuen jakinminez, interneten begiratu nuen.

Zer da downshiftina? Oso erraza, murrizketak egitea. Downshiftina edozein alorretan aplika dezakegu: adibidez tabakoaren downshiftina, estresaren downshiftina, baina downshiftin guztien ama kontsumoaren downshiftina da, azkenfinean denak hartzen dituelako barne. Horrela, kontsumo etikoaren aldeko web orrietara iritsi nintzen, eta han unibertso berri bat topatu nuen: Freegan, Sindinero.org, Dohaineko dirua, oinarrizko errenta, denbora bankuak, banketxe etikoak… Nahi baduzue, gutxi batzuk ikusiko ditugu.


Freegan: Freeganak Estatu Batuetan bizitzeko estrategia alternatiboak erabiltzen dituzten pertsonak dira. Estrategia horien oinarria ekonomia konbentzionalean parte hartze mugatua izatea, eta ahalik eta baliabide gutxien kontsumitzea da. Freeganak esaten dute hasieran produktu zehatzei boikota egiten hasi zirela, baina denborarekin konturatu zirela arazoa ez dela enpresa txar batzuk daudela, baizik eta arazoa sistema ekonomiko osoa dela, eros ditzakegun produktu gehienak eragin kaltegarriak dituztelako giza eskubideetan, ingurumenean, eta animalietan. Horrela, produktu jakin batzuk erosteari utzi ezean, ahalik eta produktu gutxien kontsumitzen saiatzen dira. Neurrigabeko kontsumoaren aurrean, freeganak hauxe proposatzen dute: elkarrekikotasuna, eskuzabaltasuna, kooperazioa eta askatasuna.

Freegan hitza free (aske) eta vegan (beganoa) hitzen arteko nahasketa da. Beganoak animalietatik sortutako produktuak kontsumitzen ez dituzten pertsonak dira. Ez dute ez haragirik, ez arrainik (begetarianoak bezala), ez eta esnerik edo arrautzik jaten. Animaliekin saiatuak izan diren produktuak ere ez dituzte kontsumitzen. Freeganak oraindik haratago doaz, eta eragin gehiago hartzen dute kontuan, tartean lantegietako esplotazioa, airearen eta uraren kutsadura, komunitate indigenen lekualdatzea e. a.

Filosofia horri jarraiki, freeganak bizitzeko hainbat estrategia dituzte: Horietako bat da zaborretatik gauza erabilgarriak biltzea (dumpster diving). Beraiek esaten dute kontsumo-gizarte honetan, pertsonak zakarrontzira botatzen dugunarekin bakarrik bizitzeko gai izango ginakeela, eta agian arrazoia dute. Horrela, lantegietako, hoteletako edo bulegoetako zaborretara jotzen dute gauzak biltzeko. Eta uste genezakeenaren kontra, biltzen dituzten tresnak benetan erabilgarriak, seguruak eta garbiak dira: bizikletak, bideoak, diskak, arropa, musika instrumentuak, janaria eta edaria, altzariak, jostailuak… denetatik. Horrela tresna horiek zabortegietara eraman ditzaten ekiditen dute, eta bigarren bizitza ematen. Tresnekin truke merkatuak egiten dituzte, beti ere gauzak diru-truk saldu gabe.


Garraioari dagokionean, freeganak automobila ekiditen saiatzen dira, eta horren ordez trenetara salto egiten dute, auto-stopa praktikatzen dute, eta oinez, bizikletaz eta patinetean mugitzen dira. Freegan batzuk autoa erabiltzen dute, baina motorra aldatzen diote, eta diesel autoak greiselean bihurtzen dituzte. Greisela olio begetala da, normalean sukaldeetan erabilitako olioarekin egina. Bolondres taldeak daude, jendeari laguntzen diotenak diesel motorrak greiselerako egokitzen.

Lo egiteko, freeganak eraikinen okupazioa aldarrikatzen dute. Beraientzat, pertsonen beharrak jabetza titulu abstraktuak baino garrantzitsuagoak dira. Abandonatutako eraikinetan sartu eta bertan komunitate bizitza antolatzeko aldekoak dira. Hirietan ere hortu eta lorategi kolektiboak zabaltzen dituzte, eta landatzen dutena jaten dute, denboraldiaren arabera.

Freeganentzat, lana egitea sistema ekonomiko esplotatzailearen konplizea izatea da. Horrela, ahalik eta enplegu gutxien izaten saiatzen dira, eta horren ordez familiarekin egoteko, bolondres bezala lan egiteko eta politikoki antolatzeko denbora daukate. Diotenez, euren bizitzen gaineko kontrola hartzen dute, eta ez dira inoren morroi.

Sin dinero.org: Bartzelonan eta Madrilen finkatutako taldea da, eta web orri bat dute dirurik gabe bizitzeko aholkuak emateko eta euren filosofia zabaltzeko. Beraien esanetan, kontrolik gabeko kontsumismoan murgilduta gaude: hainbeste duzu, hainbeste balio duzu. Hipoteka gero eta garestiagoak, umeen eskolaren kuotak, autoaren letrak, eta opor exotiko eta itsusiak... Kaka-pilo guzti hori aurrera eramateko osasuna kentzen diguten enpleguen morroi bihurtzen gara, eta enpresen irabaziak handitzen ditugu.


Web honetan proposatzen dutena zera da:


Dohaineko dirua: Aurrekoaren filosofia berdintsua dauka, baina edukia artistikoagoa, poetikoagoa dela esan genezake. Dohaineko diruaren manifestua eskegi dute hainbat hizkuntzatan, euskara tartean.


Yo Mango: Yo Mangok downshiftinerako beste guerrilla-estrategia bat proposatzen du: lapurketa txikiak. Zertarako dirua, supermerkatura joan eta janaria zuzenean ostu ahal dugunean? Lapurketa txikietarako aholkuak eta Winona Ryder eredu bezala. Hori guztia eta gehiago da Yomango.


Oinarrizko Errenta: Downshiftina egin eta diru gutxirekin, enplegua izan gabe bizi nahi duten pertsonentzat Oinarrizko Errenta kobratzea aukera etiko eta politikoa da. Hiritar orok du Oinarrizko Errenta kobratzeko eskubidea, bestelako diru-sarrerarik ez badu, eta horrela iraun dezake, lanik egin gabe. OE hortaz, hiritartasun eskubidea dela aldarrikatzen dute OEren sarea eratu duten kideek.

Denbora bankuak: Denbora bankuak truke merkatuak dira, baina trukatzen dena ez da dirua, baizik eta denbora, normalean orduak. Batek ingeles klaseak eman ditzake, beste batek umeak zaindu, edo itzulpenak egin… Denbora bankuak aproposak dira gaur egun denon ahotan dagoen bateragarritasun eta erantzunkidetasuna bultzatzeko, eta baita ere merkatu-ekonomiak sortarazten dituen hainbat desoreka konpontzeko. Horrez gain, lan ezberdinen arteko jerarkia menderatzen da, betebehar guztiek garrantzi berdina dutelarik. Anarkistek asmatu zituzten denbora bankuak, baita hainbat saiakera egin ere.

Baketxe etikoak: Banketxe etikoak konbentzionaletatik bereizten dira ekimen sozialak finanzatzen dituelako, eta halako iragazki etikoa erabiltzen dutelako inbertitzerakoan. Ez dituzte babesten armak ekoiztu edo salerosten dituzten enpresak, ezta langileak esplotatu edo animaliak eta ingurumena kaltetzen dituztenak ere. Horrez gain, sistema finantzierotik at dauden pertsonei aurreztea eta kredituak lortzea errazten die, eta barne-erabakiak hartzerako orduan metodologia demokratikoagoa eta gardenagoa erabiltzen dute.

Guzti hau irakurri/entzun ondoren batek baino gehiagok pentsatuko du aipatutako filosofia eta praktikak berak ez direla oraingoak, baizik eta komunistek, anarkistek eta monjeek aspaldi aldarrikatutakoak direla. Ados nago, baina agian esan genezake sarean topa dezakegun mugimendu hau guztia teoria eta praktika horien eguneratze bat dela, gizarte posindustrialetakoa alegia. Txinan, Indian edo Brasilen gero eta lagun gehiago kapitalismoaren lilurari eusten dion bitartean, Estatu Batuetan eta Europa gero eta lagun gehiagok eutsi nahi dio aintzinako erritmo eta ohiturei. Mundu ero honetan bakoitzak bere oreka propioa bilatzen duela suposatzen dut.

Pertsonalki, freeganen praktikak apur bat radikalak direla uste dudan arren (horrekin ez dut esan nahi gaizki iruditzen zaizkidanik), eguneroko bizitzan downshifting egitea erabat sanoa eta gomendagarria iruditzen zait. Gainera, eta egun bizi dugun prekarietatearekin, ez zaigu beste erremediorik geratzen, pentsatuko dute askok. Agian downshiftinak zorion eta xumetasun gehiagorekin bizitzen lagun diezaguke. Egin dezagun aproba, gutxienez! ;-)

¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres
¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres

3 comentarios

Jordan 4 -

Happiness is beneficial for the body, but it is grief that develops the powers of the mind.

placida -

Oso interesgarriak trash eta plantot proiektuak!!! :-D

Ni ere hasi naiz oreganoa eta perrexila landatzen! :D

Mischa Canibal -

Oso artikulu ona pLacida!!!!
Dumpster diving-a zer da kirol arrikustxu yanki berri bat??? ejejjee...

portzierto, udaran donostian egon ziren Joystick kolektibo artistiko honek ere "downshifting"-aren teknika erabiltzen ditu produkozio artistikoaren arloan. Nahiko interesgarria ere:

http://perroscallejeros.wordpress.com/2007/09/04/joystick-y-su-arte-contextual/

http://www.jstk.org/proyectos/trashBIS/index.html

http://www.jstk.org/proyectos/plantot/index.html
¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres