Blogia
^^ placida ^^

Yoko Ono, sorgin bakezalea

Gerra hitz zatarra behin eta berriro entzuten ari garen egun hauetan, Battiatoren bandera txuria astindu eta Yoko Onori buruz hitz egiteko gogoa sartu zait. Artista japoniarra beti izan da bakearen defendatzaile sutsua, eta oraindik jarraitzen du, bere lanaren bidez eta egiten dituen adierazpen publikoetan ere. Azkena, Birmaniako monjeei helarazitako mezua.

Yoko Ono ezaguna da John Lennonen alarguna izateagatik. Paradisuaren galera Evaren errua izan bazen, The Beatles taldea banatzea Onoren errua izan zela sinistu du jende askok urtetan. Cherchez la femme, esaten dute frantsesek. Hori ez da misoginia, ez horixe. Ono, horretaz jabeturik, Yes, I'm a witch izeneko diskoa kaleratu du aurten. Azken urteetan konposatu eta grabatu dituen abestiak hartu, eta egungo musikariei bidali dizkie haiek bertsio berriak egiteko. Horrela, Ono eta hainbat talderen nahasketa bitxiak biltzen dituen diskoa sortu dute, freskoa eta borobila. Bernahasketak egin dituzten artisten artean, Peaches, Le Tigre, Flaming Lips, Antony and the Johnsons, Spiritualized, e.a.

Horrez gain, eta agian Yes, I'm a witch proiektuak izan duen harrera onari esker, Open your box izeneko bigarren argitalpena egin du Onok, birnahasketa gehiagorekin. Azken hauek, 2001 urtea ezkeroztik Pet Shop Boys, Felix Da Housecat, Basement Jaxx eta Danny Tenaglia bezalako artistek egindako nahasketak biltzen ditu. Aipagarria iruditzen zait artista hauek guztiak Onoren kantak bernahastu eta diskoetan parte hartu nahi izatea, dudarik gabe artista japoniarra miresten dutelako, eta Yes, I'm a witch deklarazioan babestu nahi izan dutelako, zor zaiona aitortuaz.

Artearen eremuan, jende gutxik daki Yoko Ono artista garrantzitsua zela John Lennon ezagutu baino lehen. 60ko hamarkadako abagoardietan parte hartu zuen, Fluxus taldearekin batera, eta punk mugimenduaren aitzindaria izan zen. Duela gutxi Gasteizen eta Bilbon izan diren erakusketatan (Switch on the power Gasteizko Montehermoson, eta Kiss Kiss Bang Bang Bilboko Arte Eder museoan, biak ere Xabier Arakistain komisario zutela) Yoko Onoren bideo-lanak ikusteko aukera izan dugu.

Montehermosoko erakusketan, Onochord mezuaren inguruko dokumentalak bereiziki hunkitu ninduen. Orduz geroztik linternatxoa hartu eta Onochord mezua egiten dut noizean behin, adibidez Saharako kanpamentuetara iritsi nintzenean. Ikusi bideoa eta ulertuko duzue:

Kiss Kiss Bang Bang erakusketa ezinhobean berriz, Onoren Cut Piece performance famatua ezagutzeko parada izan genuen. Bi telebista pantaila handietan performance bera ikusi zitekeen, lehena 1965 urtean New Yorkeko Carnagie Hall aretoan egina Vietnameko gerra salatzeko, bigarrena 2003an Parisen eta Irakeko gerraren aurka. Ikusleak eszenatokira igotzen dira eta artazi batzuekin Onoren arropa mozten dute (ohial zatia posta-txartel bat baino txikiagoa izan behar da). Artista ez da ia mugitzen, baina arropa mozten duten pertsonek eragiten dizkioten sentimenduak bere aurpegian ageri dira. Azkenean, biluzik geratzen da.



Oharra: Goian ipini dudan bigarren bideoa ikusle batek grabatua dirudi, eta ez da performance osoa ikusten.

Onok bakearen alde eta gerraren kontra beste hainbat ekimen egin ditu azken urteotan. Adibidez, 2003an Londreseko Picadilly Circus plazan publizitate panel handi bat alokatu zuen "Imagina ezazu jendea bakean bizitzen" leloa zabaltzeko, eta egunkarietan ere "Irudikatu bakea... 2003ko udaberria" mezua ezarri zuen.

Wikipedian diotenez, Onoren obra gehiena honako gaien ingurukoa da: pentsamendu askatasuna, bakea, sexismoaren, arrazakeriaren eta homofobiaren salaketa, eta eguneroko gauza txikiek eragiten dizkiguten sentsazio handiak. Bere artearen ezaugarririk aipagarriena eragin handia lortzeko erabiltzen duen baliabide ekonomia da. Aurretik landutako elementuak berreskuratzen ditu lan berrietan, moldatuaz eta esanahi berria emanaz.

Yoko Onok 74 urte ditu, baina nik esango nuke inoiz ez dela hain gaztea izan. Yoko maitea: WE-LOVE-YOU.

¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres
¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres

4 comentarios

nike shox o'nine -

Sit not sad because that time a fitful aspect wearied

Hommi Records* -

Dicen...que la culpa fue de Yokoo NO!
Abrazos I!

placida -

me alegro de que te guste!

i
ii
iii

:)

pepita -

qué salada es la Yoko!
para mi es todo un ejemplo a seguir... :-)
¿Y esta publicidad? Puedes eliminarla si quieres